Zein dira zuek ondo ikasteko behar
dituzuen baldintzak (materiala, irakaslea, testuingurua, metodologia...)?
Lehenik eta behin, argi utzi nahiko nuke
bakoitzak “ikasi” hitza modu ezberdinean uler dezakeela, batek azterketa batean
aterako dena buruz jakitea dela esan dezakeelako eta beste batek, berriz, gelan
landu diren gaiak ulertzea eta zure hitzekin azaltzeko gai izatea dela pentsa
dezakeelako.
Ni, egia esan, bigarren definizioarekin bat
etorriko nintzateke, nahiz eta askotan lehen adiera horretara ere jo behar
dudan.
Nire ikasteko era normalean honakoa izaten da:
-
Hasteko, planifikazio jeneral bat
egiten dut (orri guztiak ditudala ziurtatu, ordena egokian,…). Hori guztia egin
ostean, egun bakoitzean zer egingo dudan erabakitzen dut.
-
Azterketa aurreko astean gutxi
gorabehera, gaiak banaka laburtzen edo eskematizatzen hasten naiz. Hau
normalean ordenagailuz egiten dut, horrela, nahi izanez gero, inprimatu eta
modu txukunean edonora eraman ahal izateko.
-
Asko gustatzen zait laburpen
horietako garrantzitsuena azpimarratzea. Horrela askoz ere gehiago laburtzen
delako dena eta kontzeptu nagusiak nabarmenago gelditzen direlako.
-
Hortik aurrera, laburpenak edo
eskemak irakurtzen joaten naiz kontzeptu guztiak edo gehienak behintzat
ulertzen ditudala ziurtatuz.
-
Batzuetan, gai bat oso astuna
bada, laburpena inprimatu eta kalean irakurtzen joaten naiz (bai trenean, bai
autobusean,…) eramangarriagoa egiteko.
Egia esan ez zait batere gustatzen etxean
ikastea. Normalean etxean laburpenak baino ez ditut egiten, eta lehen esan
bezala, autobusean edo trenean irakurtzen ditut laburpenak.
Laburbilduz, erabiltzen dudan materiala
honakoa da: testuliburu eta orriak, ordenagailua, azpimarragailua eta
boligrafoa.
Nola irakatsi dizuete gaur egun arte?
Galdera honi erantzuteko pixkanaka joango
naiz. Lehenik, lehen hezkuntzako metodologia aipatuko dut; ondoren, bigarren
hezkuntzakoa eta, azkenik, batxilergokoa.
- Lehen hezkuntzan, nahiz eta askorik
gogoratzen ez dudan, jokoak eta lehiaketan oso ohikoak izaten ziren. Gogoan dut
Euskal Herriko mendi eta ibai nagusiak ikasi genitueneko lehiaketa. Nork bere
kabuz ikasi behar zuen etxean, baina motibazio faltarik ez genuen, hurrengo
egunean klaseko onena izateko aukera genuelako.
Adin horretarako metodologia ezin hobea da joko
eta lehiaketen hori.
- Bigarren hezkuntzan, gauzak buruz ikasten
hasi behar izan genuen. Irakasgai batzuetan eskemak egiten zizkigun irakasleak,
baina guk ez genituen inoiz egiten. Etapa zaila da zalantzarik gabe.
- Batxilergoan, ikasi beharrekoa asko zenez,
eskemak edota laburpenak egitea ezin bestekoa zen. Bi urte horietan egin nituen
nire lehen eskema pertsonalak nire ustez. Irakasgai bakarren batean irakasleak
gidatzen gintuen laburpenak egiterakoan, baina gehienetan geure kabuz egin
behar genuen dena, sekulako txosten mardul pila buruz ikasi nahi ez bazenituen
behintzat. Hala eta guztiz ere, gauzak buruz ikasten jarraitzen genuen. Etapa
honen arazo nagusia denbora falta dela uste dut, dena antolatu, irakurri eta
eskemak egiterako denbora asko pasatzen delako.
Zalantzarik gabe, metodologiarik hoberena
jokoena iruditzen zait, baina egia da 17-18 urteko neska-mutilei Frantziako
Iraultza jokoen bidez irakastea ez dela logikoa.
Akats nabarmenena nire ustez eskemak egiten
irakatsi ez digutela da. Bigarren hezkuntzan irakasleak egiten zituen eta
batxilergoan nahi izanez gero gu geuk egin behar genituen. Akaso, hori da
hobetu beharko litzatekeen zerbait, gauza hain garrantzitsu eta erabilgarria
dela ikusirik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario