jueves, 29 de marzo de 2012

5. ariketa


Zein dira zuek ondo ikasteko behar dituzuen baldintzak (materiala, irakaslea, testuingurua, metodologia...)?

Lehenik eta behin, argi utzi nahiko nuke bakoitzak “ikasi” hitza modu ezberdinean uler dezakeela, batek azterketa batean aterako dena buruz jakitea dela esan dezakeelako eta beste batek, berriz, gelan landu diren gaiak ulertzea eta zure hitzekin azaltzeko gai izatea dela pentsa dezakeelako.

Ni, egia esan, bigarren definizioarekin bat etorriko nintzateke, nahiz eta askotan lehen adiera horretara ere jo behar dudan.

Nire ikasteko era normalean honakoa izaten da:

-         Hasteko, planifikazio jeneral bat egiten dut (orri guztiak ditudala ziurtatu, ordena egokian,…). Hori guztia egin ostean, egun bakoitzean zer egingo dudan erabakitzen dut.

-         Azterketa aurreko astean gutxi gorabehera, gaiak banaka laburtzen edo eskematizatzen hasten naiz. Hau normalean ordenagailuz egiten dut, horrela, nahi izanez gero, inprimatu eta modu txukunean edonora eraman ahal izateko.

-         Asko gustatzen zait laburpen horietako garrantzitsuena azpimarratzea. Horrela askoz ere gehiago laburtzen delako dena eta kontzeptu nagusiak nabarmenago gelditzen direlako.

-         Hortik aurrera, laburpenak edo eskemak irakurtzen joaten naiz kontzeptu guztiak edo gehienak behintzat ulertzen ditudala ziurtatuz.

-         Batzuetan, gai bat oso astuna bada, laburpena inprimatu eta kalean irakurtzen joaten naiz (bai trenean, bai autobusean,…) eramangarriagoa egiteko.

Egia esan ez zait batere gustatzen etxean ikastea. Normalean etxean laburpenak baino ez ditut egiten, eta lehen esan bezala, autobusean edo trenean irakurtzen ditut laburpenak.

Laburbilduz, erabiltzen dudan materiala honakoa da: testuliburu eta orriak, ordenagailua, azpimarragailua eta boligrafoa.



Nola irakatsi dizuete gaur egun arte?

Galdera honi erantzuteko pixkanaka joango naiz. Lehenik, lehen hezkuntzako metodologia aipatuko dut; ondoren, bigarren hezkuntzakoa eta, azkenik, batxilergokoa.

- Lehen hezkuntzan, nahiz eta askorik gogoratzen ez dudan, jokoak eta lehiaketan oso ohikoak izaten ziren. Gogoan dut Euskal Herriko mendi eta ibai nagusiak ikasi genitueneko lehiaketa. Nork bere kabuz ikasi behar zuen etxean, baina motibazio faltarik ez genuen, hurrengo egunean klaseko onena izateko aukera genuelako.
Adin horretarako metodologia ezin hobea da joko eta lehiaketen hori.

- Bigarren hezkuntzan, gauzak buruz ikasten hasi behar izan genuen. Irakasgai batzuetan eskemak egiten zizkigun irakasleak, baina guk ez genituen inoiz egiten. Etapa zaila da zalantzarik gabe.

- Batxilergoan, ikasi beharrekoa asko zenez, eskemak edota laburpenak egitea ezin bestekoa zen. Bi urte horietan egin nituen nire lehen eskema pertsonalak nire ustez. Irakasgai bakarren batean irakasleak gidatzen gintuen laburpenak egiterakoan, baina gehienetan geure kabuz egin behar genuen dena, sekulako txosten mardul pila buruz ikasi nahi ez bazenituen behintzat. Hala eta guztiz ere, gauzak buruz ikasten jarraitzen genuen. Etapa honen arazo nagusia denbora falta dela uste dut, dena antolatu, irakurri eta eskemak egiterako denbora asko pasatzen delako.


Zalantzarik gabe, metodologiarik hoberena jokoena iruditzen zait, baina egia da 17-18 urteko neska-mutilei Frantziako Iraultza jokoen bidez irakastea ez dela logikoa.
Akats nabarmenena nire ustez eskemak egiten irakatsi ez digutela da. Bigarren hezkuntzan irakasleak egiten zituen eta batxilergoan nahi izanez gero gu geuk egin behar genituen. Akaso, hori da hobetu beharko litzatekeen zerbait, gauza hain garrantzitsu eta erabilgarria dela ikusirik.